Edurne Burgoa, emakumezkoen Athletic B taldeko entrenatzailea

 

20012ko otsailak 7

 

Pasa den zapatuan A.D. San Juanek Athletic B-ren aurka jolastu zuen Iruñan. Partiduaren bukaeran Edurne Burgoa entrenatzaile bilbotarrarekin hitz egin genuen.

 

- Zein da gaurko partidaren balorazioa?

 

- San Juanen planteamendu itxiak ez gaitu ustekabean harrapatu. Bagenekien atzean ondo itxita egongo zirela, baloia lapurtu eta kontraerasoan atera ahal izateko. Joku hori ezin izan dute egin beraien kontraerasoak ezerezean utzi ditugulako, defentsa lan oso ona eginez. Jokuan nagusi izan gara. Baloiaren irteera oso ona izan dugu eta zelaiaren hiru laurdenetara ondo heldu arren, hortik aurrera zailtasun handiak izan ditugu. Ez dugu asmatu azken pasean eta baloiari behar den abiadura ematen, horrela oso zaila da gol aukerak sortzea.

- Emaitza justoa izan dela uste duzu?

 

- Ez, irabaztea merezi izan dugu nahiz eta aukera gehiegi ez ditugun izan.

 

- Lehenengo itzuli oso ona egin duzue, baina aitzakiren bat ipintzekotan Berriotxoaren aurka jolastutako partida izan daiteke. Zer gertatu zen egun horretan?

 

- Oso liga polita da aurtengoa, lehiakorra eta emozioz betea eta argi dago edonork edonori irabazi al diola. Partida hori ez genuen merezi iñola ere galtzea baina egun horretan Berriotxoak izan zuen eraginkortasuna ikaragarria izan zen.

 

- Agian, kontuan hartzen badugu jokalari oso gazteak direla, gehiegizko konfiantza egon al zen?

 

- Konfiantza galtzen joan ginen partidan bertan, zeren oso zaila da asimilatzea zure errore bakoitzak gol bat ematen diola aurkariari, horrek sortu zuen denongan urduritasuna. Jokuan agindu genuen baina markagailuan ez, beraiek gai izan ziren gure erroreak aprobetxatzeko eta gu ez ginen izan gai gure aukera guztiak golean bihurtzeko. Hor egon zen desberdintasuna.

TXAPELDUNAK LIGA 2009-10
TXAPELDUNAK LIGA 2009-10

- Lehenengo itzuli honetan, ez al duzu bota faltan gol gehiago egitea?

 

- Dena etorriko da, defentsiboki oso ondo ari gara eta niretzako talde baten oinarria hori da. Bestea lana eginez eta jokalarien arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetuz etorriko da. Kontuan izan jokalari berriak ditugula eta beraien arteko ezagutza (keinuak, mugimenduak etab…) zelaian oraindik hasierako fasean dagoela.

 

- Zein da lehen itzuli honetako balorazioa?

 

- Lehen itzulia bukatzeak informazioa ematen dit jokalari bakoitzaren bilakaera nolakoa izan den ikusteko. Entrenamendu saio asko eta partida dexente jokatzeak jokalari bakoitzaren errendimenduari buruzko ebaluazioa egiten laguntzen dit.

 

- Aurreko denboraldiekin konparatuz taldea gaztetu egin da. Zein da egiten duzun balorazioa bere errendimenduari buruz?

 

- Zenbat eta gazteago izan denbora gehiago dugu beraiekin lan egiteko, ez dezagun ahaztu gure helburua formakuntza dela. Oso gustora nago guztiekin, kontuan hartu behar da gehienak 15-16 urteko jokalarik direla eta Athleticera etortzeak aldaketa batzuk dakartzala bai kirol arloan eta bai egunerokotasunean, eta horretara egokitzeko denbora eta pazientzia behar direla. Egokitze prozesua arintzeko eta bigunagoa egiteko ezinbestekoa da denbora gehiago daramaten jokalarien inplikazioa eta laguntza, San, Yas, Patri, Lope etab...

 

- Zure hirugarren urtea da, lehenengoan liga lortu zenuen, bigarrenean kopa eta denboraldi honetarako, konformatuko al zinateke tituluren bat lortzearekin edo taldea ikusten al duzu kopa eta liga titulua lortzeko gaitasunarekin?

 

- Lehen esan bezala gure helburuak formakuntza eta lehenengo talderako jokalariak ateratzea dira. Helburu horietatik inola ere ezin gara aldendu. Gure lana ezin da egon baldintzatua titulu bat lortzearen menpe. Niretzako titulurik onena izango litzateke, B taldeko jokalari bat A taldera igotzea eta bigarren zelaian ia astero jokatzen ikustea, benetan hori da nire lanaren helburua eta erronka.

TXAPELDUNAK KOPA 2010-11
TXAPELDUNAK KOPA 2010-11

- Ikusita aurtengo denboraldian ligan dagoen berdintasuna, zeintzu talde ikusten dituzu titulua lortzeko edo promozioa jokatzeko aukerekin?

 

- Azken urteetan bizi izan dugun ligarik politena da. Taldeen arteko desberdintasuna oso urria da eta hori positiboa da emakumezkoen futbolerako. Liga oso erakargarria da eta emozioa azken unerarte egongo da. Nork irabaziko duen ez dakit, baina talde erregularrena izatea lortzen duenak aukera gehien izango ditu.

 

- Sailkapenaren behean Marcilla eta Revellinei kategoria mantentzeko zailtasunak ikusten zaizkie, baina hirugarren posturako burruka latza dago, alde batetik Eibar daukagu eta bestetik hiru talde bizkaitar Sani, Berrio eta Pauldarrak. Bateren bat arriskuan ikusten al duzu?

 

- Titulurako eta promoziorako ez dakidan bezala behetik ere zeinek daukan aukera gehien jeisteko ez naiz ausartzen esaten, astero daude sorpresak eta ikusten den bezala azkenengo jardunaldirarte ez da erabakiko ezer.

 

- Bizkaiko emakumezkoen oinarrizko futbolaren ezagupena duzu, uste duzu etorkizun handia dagoela?

 

- Gizartean mendez mende transmititua izan den genero estereotipoa, gutxika bada ere zorionez aldatzen doa, nahiz eta oraindik egunero borrokan jarraitu behar dugun.

Astebururo partida asko ikusten ditut eta zelai batean lau emakumezko talde aldi berean jokatzen ikusteak bizipoza sortzen dit. Hala eta guztiz ere kantitateaz gain kalitatea behar da. Horregatik Emakumezkoen futbolak beharrezkoa izango du gerora begirako perspektibak planteatzea, dauzkan gabeziak hobetu nahi baditu: Entrenamenduen frekuentzia eta kalitatea hobetu, jokalarien motibazio maila igo, emakumezkoen futbolaren promozioa egin eta oinarrizko mailetan azpiegitura sendoa eratu.

 

Mila esker Edurne zure lankidetzagatik.