JORNADA 3: 09 Octubre 2011

AÑORGA 4 - 4 MONDRAGON

 

Partidu guztian markagailuan atzetik joan ostean, arrasatearrek puntu bat urratu dute Añorgan Maitane Roak azken minutuan lortutako golari esker.

 

Garaipenaren zaporea duen puntu bat lortu dute Mondrako neskek asteburu honetan. 2. Mailako hirugarren jardunaldiaren barruan, arrasatearrek Añorgaren zelaia bisitatu zuten atzo, igandea. Partidu guztian zehar markagailuan atzetik joan arren Zuloaga eta Ezkurraren neskak ez ziren kikildu, eta azken minutuan sartutako golari esker 4-4 berdindu zuten.

 

Arratsaldea ez zen ondo hasi arrasatearrentzat, bosgarren minutuan Añorgak eskuin hegaletik jokaldia egin, aurrelaria bakar bakarrik atezainaren aurrean geratu eta egindako jaurtiketa hasiera batean Oihana Aldaik geratu arren, eskuetatik ihes egin eta sareetarako bidea hartu zuen. Zuri-moreek joko ona egin ez arren indarrak nahiko parekatuta egon ziren, eta berdintzeko aukera ere izan zuen bere oinetan Ainhoa Alonsok, baina bere jaurtiketan zutoinean jo zuen.

 

Ordu erdia bete baino lehen, baina, etxekoen bigarrena heldu zen. Oraingoan ere arriskua eskuin hegaletik heldu zen, bertatik erdiraketa egin eta Mondrako atezainak baloia bere ate barrura bidali zuen. Ordutik aurrera Zuloaga eta Ezkurraren neskak noraezean ibili ziren, eta Maitane Roa eta Ainhoa Alonsoren arteko kontraeraso batean gola sartzeko aukera izan arren, 2 eta 0ekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

 

Dena den, bigarren zatiari oso bestelako modu batean ekin zioten Mondrako neskek, Ainhoa Alonsok ezker hegaletik jokaldia egin eta 2 eta 1ekoa jarri baitzuen markagailuan lehen minutua bete baino lehen. Horiexek izan ziren Mondrako minuturik onenak, erritmo bizia ezarri baitzioten jokoari. Une horretan, baina, Añorgako atezaina lesionatu eta partidua hoztu egin zen. Hori bikain aprobetxatu zuten etxekoek, handik gutxira korner baten bitartez hirugarrena sartu baitzuen.

 

Arrasatearrak, baina, ez ziren kikildu, eta arriskua eraman zuten donostiarren atera, batez ere Ainhoa Alonso eta Maitane Roaren bitartez. Aldea murriztu zuena, baina, Ainhoa Lete izan zen. Vanessak falta atera eta Melaniek baloia buruz jo ostean Añorgako atezainak baloia desbideratu, eta atzetik etorrita sareetara bidali zuen baloia jokalari eibartarrak 35. minutuan. Birekin konformatu ez, eta Maitane Roak berdinketaren gola sartu zuen handik hiru minutura.

 

Ordurako zailena egina zuten Mondrako neskek, baina oraindik beste kolpe bat jaso behar zuten, etxekoek 4 eta 3koa jarri baitzuten markagailuan partidua amaitzeko 5 minuturen faltan. Une horretan, gainera, Alainek buruan kolpea hartu eta zelaia utzi behar izan zuen. 10 jokalariekin arrasatearrak golaren bila joan ziren, eta azken minutuan Maitane Roa atezainaren aurrean bakarrik geratu eta baloia goitik loratuz launako berdinketa jarri zuen markagailuan. Añorgan bildutako jarraitzaile arrasatearrek pozez txoratu zuten.

 

Hiru jardunaldi jokatu ostean Mondrako neskek 4 puntu poltsikoratu dituzte, eta una honetan sailkapeneko zortzigarren postuan daude. Euren puntu kopuru berdina Añorgak eta San Juanek dute. Sailkapen buruan Oiartzun eta Athletic B daude 9 punturekin, eta zuloan oraindik punturik eskuratu ez duen Marcilla Aurora dago. Zuloaga eta Ezkurraren neskek Eibar hartuko dute datorren domekan Mojategin. Armaginek denboraldiko aurreneko garaipena erdietsi dute asteburu honetan, Berriotxoari Unben 1-0 irabazita.

 

Golak: Añorgaren aldetik Leire Aranguren, Garazi Basurto, Larraitz Orio eta Nerea Etxebarria; Mondrarenak Ainhoa Alonso, Ainhoa Lete eta bi Maitane Roarenak izan ziren.

 

Isei Barbero - Mondraberri