JORNADA 14: 22 Enero 2012

MONDRAGON 1 - 2 ATHLETIC B

 

Zerragileek Athletic B liderra hartu zuten atzo goizean Mojategin, eta lehen zatian penaltiz Maitane Roak etxekoak aurreratu arren, bilbotarrek markagailua irauli zuten atsedenaldi ostean.

 

Zoritxarrez, aurreikuspenak bete izan ziren atzo -igandea- Mojategin. Mondrako neskek Athletic B liderra hartu zuten goizeko 12:00etan, eta lehen zatian markagailuan aurreratu baziren ere, 3 puntuek azkenean Bilborako bidea hartu zuten. Azken emaitza 1-2 izan zen talde zuri-gorriaren alde.

 

Esan bezala, goiza ondo hasi zen Jon Zuloaga eta Andoni Ezkurrak zuzentzen duten taldearentzat, Maitane Roak etxeko taldea aurreratu baitzuen markagailuan. Berari egindako penaltia adierazi zuen epaileak, eta aurrelari arrasatearrak 11 metroetatik egindako jaurtiketa atezainak geratu bazuen ere, errebotean ez zuen bakartu eta baloia sareetara bidali zuen. Honenbestez, 1 eta 0ekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko 45 minutuak agortuta.

 

Bigarren zatian bilbotarrek hasierako intentsitate eta erritmoari eutsi zioten, eta hori izan zen Zuloaga eta Ezkurraren nesken areriorik handiena. Arrasatearrek igarri egin zuten hasierako 45 minutuetan egindako esfortzua, eta jokoan nagusitasun osoa erakutsi ez arren, zuri-gorriek etekin ezin hobea atera zioten sortutako gol aukera apurrei eta markagailuari buelta eman zioten (1-2).

 

Partidu amaierara arte Mondrako neskak saiatu ziren bilbotarren atea zulatzen, baina ezin izan zuten baloia sareetara bidali eta puntuek Bizkaia aldera ihes egin zuten. Gauzak horrela, 14 jardunaldi jokatu ostean Arrasateko taldea sailkapenaren seigarren postuan dago 20 punturekin. Denbora honetan guztian zerragileek 6 garaipen eta bi berdinketa poltsikoratu dituzte. Jardunaldi honetan Eibarrek ere galdu egin du Abantoren zelaian jokatutako partidua, gauzak horrela, Mondrako neskek jaitsiera postuetatik 5 puntura jarraitzen dute.

 

Esan beharra dago 2. Mailako sailkapenean estutasuna dela nagusi, beraz Zuloaga eta Ezkurraren neskak ezin dira lokartu. Azken 6 puntuetatik bakarra atera dute, beraz datorren asteburuan joera horrekin amaitzea bilatuko dute Atletico Revellinen zelaian. Nafarrek 2 partidu baino ez dituzte irabazi orain arte, eta azkenaurreko sailkatuak dira 10 punturekin. Testuinguru honetan, garaipenaren bidera itzultzeko aukera ezin hobea dute arrasatearrek.

 

Golak: (1-0) Maitane Roa, 1-1 Arene, 1-2 Jone Bilbao

 

Isei Barbero - Mondraberri